partekatu
• Elkarrizketa Irutxuloko Hitza-n
MARISOL GARMENDIA: "KONFIANTZA HANDIA DUT DONOSTIARRENGAN"
Marisol Garmendia Beloki (Zaldibia, Gipuzkoa, 1963) PSE-EEren alkategaia da, eta lidergo berri bat proposatzen du, "hiri anbizioa izango duena, oso gertukoa, eta donostiarrei entzungo diena". Donostiako lehen emakumezko alkatea izan daiteke, eta hiriak kirol eta kultur arloetan "punta-puntan" egotera itzuli behar duela uste du.
Nola baloratzen duzu azken lau urteetako legegintzaldia?
Legegintzaldi hau oso gogorra izan da, oso atipikoa. Ezin dugu ahaztu bi urteko pandemiak izan duen eragina. Donostiak hiru puntu igo zuen bere langabezia tasa, izan ere, zerbitzu asko dituen hiri bat gara, eta kolpe handia izan zen merkatarientzat eta ostalarientzat, besteak beste. Horrek eragin zuzena izan du gure lehentasunetan: pandemiak eta kolektibo zaurgarriek behar zituzten gizarte laguntzak bideratu ditugu, hainbat baliabide ekonomiko erabiliz. Orotara, 25 milioi euro inbertitu ditugu laguntza zuzenetan, eta, beraz, bi urte horiek oso gogorrak izan dira.
Hala eta guztiz ere, auzoetan hainbat proiektu estrategiko egin ditugu. Adibidez, Egiaren eta Grosen arteko lotura guztiz aldatu eta erraztu da, Iztuetako biaduktua kenduz. Uste dut hori oso garrantzitsua izan dela lurralde oreka eta gizarte kohesioa garatzeko. Horrez gain, Loiolan egin den bulebarizazioak ere izugarri aldatu du auzoko biztanleen bizimodua, gune publiko gehiago irabaziz. Zer esanik ez Altzako kiroldegia, hirian dugun kiroldegirik moderno eta onenetakoa bihurtu baita. Horrez gain, Kontxako bidegorria eta pasealekua handitu dira, eta alde horretatik uste dut aipatutako auzo horietan egin diren hobekuntzak nabariak direla.
Horrez gain, berdegune gehiago zaindu ditugu auzo guztietan, eta nik uste dut hasi garela bizilagunekiko harremanak sendotzen zaintzari eta prebentzioari dagokionez. Adibidez, klima aldaketaren aurkako borrokan ere, uste dut aurrera egin dugula. Ekologia saileko inbertsioak bikoiztu egin dira legealdi honetan. Alde horretatik, eguzki plakak jartzeari ekin diogu, eta ia udal eraikin guztietan ditugu plaka horiek jarrita. Alde horretatik, negutegi efektuko gasen emisioa murrizten ari gara.
Emakumeen defentsan ere aurrera egin dugu, nabarmen.
Donostiako lehenengo emakumezko alkatea izan zaitezke. Zer suposatuko luke horrek hiriarentzat?
Aro berri bat. Lidergo berri bat suposatuko du, izan ere, hiri honek hainbat gauza behar ditu: hiri anbizioa; oso gertuko lidergoa, donostiarrei entzungo diena; hiritarren iritziak kontuan hartu eta aitortuko dituena, eta gaizki egindakoak zuzenduko dituena. Adibidez, zirkulazio aldaketak ez zaizkio inori gustatu, eta hainbat eragile Dbuseko txoferrak, motozaleak, merkatariak, bizilagunak ez daude pozik, haserre baizik. Hori ez entzutea eta kontuan ez hartzea, ez da nik defendatzen dudan lidergoa. Nire lidergoa gertu-gertukoa izango da, eta zentzuz jokatuko dut.
Donostia urte askotan zehar izan da oso berritzailea gizarte politiketan, eta hirigunea berritzen ere punta-puntako politikak egin ditu. Baina orain gris gaude, inertziaren arabera jokatzen. Hiriari astindu bat eman behar zaio, eta nik emango diot astindu hori.
Zer proposatzen duzu zirkulazio aldaketek eragin duten arazoa konpontzeko?
Lehenik eta behin, bertan behera utziko nituzke egin diren azken aldaketak. Jarraian, eragile guztiak bildu behar dira, eta beharrezkoa den Mugikortasun Jasangarriaren Plan bat adostu. Guztiok gaude hiri berdeago baten eta mugikortasun jasangarriaren alde, baina hori elkarrizketaren bidez egin behar da, denon artean adostuta. Ez dira arazoak sortu behar arazorik ez zegoen lekuan, eta zentzuzko neurriak hartu behar dira.
Etxebizitzaren arloan, gazteak Donostian bizi ahal izatea da zuen nahietako bat. Zer da proposatzen duzuena?
Guretzat, gure seme-alabek Donostian lan egin eta bizitzea helburu estrategikoa da. Hori ez da ez pribilegio bat eta ezta luxu bat ere, Goiak esan zuen bezala. Gazterik gabe, Donostiak ez dauka etorkizunik, eta hori ahalbidetu egin behar da. Horretarako, neurriak jarri behar dira martxan. Izan ere, soilik etxeak egitea ez da gure helburua, hiria egitea baizik. Horretarako tentsio eremuak deklaratu behar dira, alokairua murrizteko. Horrez gain, hutsik dauden etxebizitzak alokagai jarri behar dira, eta horretarako, laguntza fiskalak behar dira, etxeen jabeei laguntzeko eta segurtasuna emateko euren etxea alokairuan jartzen dutenean.
Hori guztia ahalbidetzen du Espainiako gobernuak onartu berri duen Etxebizitza Legeak. PPk eta EAJk lege horren aurka bozkatu dute, eta EAJk guk hemen, Euskadin, 2015ean onartu genuen Etxebizitza Legeari ere ezezkoa eman zion. Niri ez zait inporta noren eskuduntza den; gazteek alokairua eskuragarria izatea nahi dute, eta horretarako, gauza asko egin behar dira, azkar. Horretarako ere ezinbestekoa da akordioak ixtea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin.
Kirol eta kultur esparruan zein berrikuntza egin nahi dituzue?
Donostia gehiago nahi dugu, eta horretarako Donostia gazteago bat izatea ezinbestekoa da. Horretarako, enplegua, etxebizitza eta kultura gazteagoa dira funtsezkoak. Donostia atzean gelditzen ari da kultur eta kirol erreferente gisa. Horregatik proposatu diogu Realari Anoeta bereganatzeko, eta diru horrekin Anoetako kirol ekipamenduek behar dituzten berrikuntzak eta moldaketak egin nahi ditugu. Bestalde, Illunben nazioarteko kontzertuak, edozein ikuskizun eta kultur proposamen hartu nahi ditugu. Normalean, horrelakoak Donostiatik pasa egiten dira, Iruñera edo Bilbora joateko, baina hemen ezer gutxi ikusteko aukera dugu. Hori ezinezkoa da gure ustez, Donostiak berriro ere punta-puntan kokatu behar duelako kirol lehiaketetan eta kultur esparruan. Operazio hori guztiontzat da onuragarria: Realak ordaintzen joan den ondare bat dauka, eta hiriak errekurtso ekonomiko indartsu batzuk berreskuratuko ditu beste kirol batzuetan inbertitzeko.
Kulturari dagokionez, gaztetu egin behar da. Azken zortzi urteetan ezer gutxi asmatu da, eta hemen energia eta jende asko dago kultura bultzatzen auzoetan, elkarteetan, gazte jendea kontzertuetan… Hori bultzatu behar da, eta horri eman behar diogu laguntza. Dena ez da dirua, gainera. Askotan, konexioak eta kultur ekitaldiak antolatzea ahalbidetzea da. Gune publikoa erabiltzea garrantzitsua da, gure kaleek bizitasuna behar dutelako. Uste dut zentzu horretan proposamen oso interesgarriak ditugula, adibidez, kultura urbanoa eta gaztea lortuko dituen jaialdi berri bat antolatzea, eta auzo guztietako elkarteekin landuta kultur ekitaldi bana aukeratu, eta guztiak toki batean erakustea. Kultur arloan nik uste dut ezinbestean behar dugula astindu hori.
Alderdiari dagokionez, Odon Elorza eta zu primarioetara joan zineten PSE-EEren alkategaia nor izango zen aukeratzeko. Talka horrek boto kopuruan alderdiari eragingo diola uste duzu?
Gu izan gara primarioak izan dituen alderdi bakarra, eta ni izan naiz hautatua. Nik ja pasa dut hauteskunde prozesu bat, eta irabazi egin dut, kontuz. Alderdiaren hautagaia ni naiz, eta uste dut oso hautagaitza plurala, anitza eta berritua egin dugula. Auzo guztiak daude zerrendan ordezkatuta, profil desberdinak ditugu, eta politikan egon ez diren hainbat pertsona. Nire bigarrena independentea da eta kultur mundutik dator, adibidez. Nik uste dut nire hautagaitzak aukera asko dituela Donostiako lidergo berri horri eusteko.
EITB Focusen inkestaren arabera, bost zinegotzi mantenduko zenituzkete. Zer gertatuko dela uste duzu zuk?
Nik ez dut inkestetan sinesten. Uste dut, gainera, gaur egun jai dugula inkesten arabera mugitzen den politikari batekin. Niretzat, zorionez, jendeak ez dauka lehen zeukan lotura alderdiekin. Jendeak momentu bakoitzean egokia iruditzen zaion pertsona aukeratzen du. Hiri honetan, gauzak aldatzeko aukera badago, eta nik donostiarrengan konfiantza handia dut. Ni kalean mugitzen naiz, eta jendea transmititzen ari zait nahi dutela aldaketa bat, eta begi onez ikusten dutela emakume bat lehen aldiz Donostiako alkate izatea. Emakume lasaia naiz, zentzuzkoa, eta ez ditut muturreko tesiak defendatzen. Kudeaketa publikoan esperientzia daukat, eta gainera, uste dut oso gertukoa naizela, eta pasioarekin defendatzen dudala nire lana eta nire hiria. Nik sinesten dut nire hirian eta nire herritarrengan, eta inkestek hori ez dute jasotzen.